Donostia Ospitalea Gipuzkoako Lurralde Historikoaren koagulopatia kongenitoak tratatzeko erreferentzia-zentroa izanik, Digestio-zerbitzu honek hemofilikoei aparatu digestiboan sortzen zaizkien arazoei ematen die erantzuna.
Hemofilia/vWillebrand gaixotasuna duten pertsonek hemartrosengatik eta beste odoljario batzuengatik bizitzan zehar hemoderibatuekin jarraitutako tratamenduak direla eta, hainbat infekzioren eraginpean egon dira behin baino gehiagotan. Infekzio horien artean, nabarmentzekoak dira hepatitis birikoak.
B, C edo D hepatitisaren birusaren kontaktua Hematologiako Zerbitzuan detektatu ondoren, gaixoa Digestio-zerbitzura igortzen da azterketa sakonagoa bat egiteko eta horrela infekzioaren tratamendua eta bilakaera kontrolatzeko.
Digestio-zerbitzuak hemoderibatuen aplikazioa beharrezkoa den probaren bat egin behar baldin badu, Hematologiako Zerbitzuarekin jarriko da harremanetan.
C hepatitisaren birusa (VHC) 1989an deskribatu zuen lehen aldiz ikertzaile amerikarren talde batek. Egun, ez dugu ezagutzen birusak kutsatutako pertsona-kopuru zehatza, baina kalkulatzen da kezkatzeko moduko kopurua dela. 1997an OMEaren txosten epidemiologiko batek kalkulatzen zuen munduko populazioaren %3a VHCk kutsatuta dagoela. Honek esan nahi du 170 milioi pertsonatik gora VHCren eramaileak direla.
C hepatitisaren birusa bide parenteralez transmititzen da, hau da, odolaren eta odolaren deribatu kutsatuen bidez. Horrek guztiak azaltzen du koagulopatia kongenitoak dituzten gaixoengan duen eragin handia. EIA tekniken bidez eta teknika molekularren bidez odola emateko orduan egindako baheketari esker, ia ezinezkoa da bide honen bidez transmititzea. Familiaren barruan edo gaixoarekin bizi diren pertsonen artean transmisioa ia ezinezkoa da, betiere VHCk kutsatuta dauden pertsonen odolarekin kontaktua saihestuz gero.
Odola emateko orduan aplikatzen joan diren kontrol-neurriek birusa transmititzeko arriskua gutxitu arren, C hepatitisa osasun-arazo garrantzitsua da oraindik ere, izan ere, infekzioa kroniko bihurtzen baita gaixo gehienetan. Honek adierazten du VHCk eragindako infekzioa izatea hepatitis kronikoaren arrazoirik ohikoena munduan. Kalkulatzen da 20-30 urtetan, VHCk eragindako hepatitis kronikoa duten gaixoen %10-20ak zirrosia izango dutela eta, horrez gain kartzinoma hepatozelular bat edo hepatoma (gibeleko tumore) bat izateko aukera handiagoa izango dutela. VHCk eragindako infekzio kronikoak ez du bilakaera bera gaixo guztietan. VHCk eragindako infekzioa duten gaixoen kasuan, hepatitis kronikoaren larritasuna gibeleko entzimen (transaminasen) aldizkako kontrola, irudi-probak eta gibeleko biopsiak eginez ezartzen da.
Alabaina, azken proba gaixo guztientzat egokia den aztertu beharko litzateke, kontuan hartuz koagulopatiak dituzten gaixoetan proba honek berekin arriskua dakarrela (koagulazio-faktoreak izan arren) eta kasu guztietan beharrezkoa ez dela. Oso zaila da epe luzean gaixotasunaren bilakaera banan-banan finkatzea, bilakaeran zuzenean eragingo duten faktore askok parte hartzen baitute. Oro har esan daiteke, gibeleko entzimen maila normalak (gutxi gorabehera nazioarteko 40 unitate baino txikiagoak diren ALT/GPT eta AST/GOT transaminasak) hepatopatiako bilakaera motel batekin lotzen direla eta, beraz, pronostiko on bat adierazten dutela.
Transaminasa altuak, aldiz, pronostiko okerrago batekin lotzen dira, entzima hauek gibeleko zelulen lisiaren (suntsiketaren) adierazle baitira. Behin VHCren presentzia, zama birala eta gaixoaren genotipoa laborategian detektatuta, jarraitu behar den tratamendua zehaztuko da. C hepatitisean sei genotipo biraletik gora deskribatu dira, zenbaki baten bidez identifikatzen direnak. VHCren genotipoak bereziki garrantzitsua da aplikatu behar den tratamenduari eta tratamenduaren emaitzari begira.
Tratamendu antibiralak C hepatitis kronikoaren bilakaera eten edo atzera dezake. Edonola ere, C hepatitisak ia sintomarik ez duen gaixotasuna da eta mediku espezialista batek egin beharko du gaixoaren jarraipen iraunkorra. Egun, gaitz honi aplikatzen diren tratamenduak eraginkorragoak izaten ari dira, jarduera frogatuarekin. Hautazko tratamendua, betiere kontraindikaziorik ez dagoenean, interferon alfa –estandarra edo pegilatua- gehi ribabirinaren konbinazioa da. Alabaina, tratamendu oso agresiboa da eta badu albo-ondoriorik (sndrome pseudo-gripala, insomnioa, pisu-galera, alterazio psikiatrikoak, etab.).
Albo-ondorio hauek direla eta, kasu batzuetan tratamendua bukatu baino lehen eten behar da, emaitza birologikoa alde batera utzita. Hainbat ikerketa pilotu argitaratu dira VHCk eta VIHk koinfektatutako gaixoetan erabilitako terapia konbinatuari buruz eta denak datoz bat alderdi honetan: koinfektatutako gaixoetan aplikaturiko terapia konbinatuaren emaitzen tasak antzekoak dira VIHk kutsatuta ez dauden gaixoen tasekin alderatuz gero.